2014/05/13

7200 metrora arte hornitu ostean, kanpaleku nagusian berriz ere

Alex Txikon eta expediziokideak behe kanpalekuan daude, joan den larunbatetik, merezitako atsedena hartzen. Britainiar bidean hirugarren aldiz sartu ostean, Alexek komunikazioa berreskuratu du etxeko taldearekin eta egun hauetan zehar egindako lanaren kronika bat helarazi du: hirugarren kanpalekua ezarri dute 7050 metrotan eta harago hornitzea lortu dute, 7200 metrotara arte. Kontatu duenaren arabera, igoera zaildu duten haize baldintza gogorrei egin behar izan diete aurre. Lau alpinistek, beraz, hurrengo bueltan dute jada gogoa jarria, ondo bidean, #Kangchenjunga mendiko gailurrera eramango dituena.

Alex Txikon at 6000mts, up from c1
Maiatzak 6.
Goruntz abiatzeko garaia. Bezperan Denis eta Arteum irten dira. Berriro ere egiaren ordua, helburu argi eta zorrotz batekin: 7500 metrotara heltzea, nahiz eta orain arte 6900era arte soilik hornitu dugun. 12:00ak direnean, Denisekin kontaktatzen dut walkie-talkie bidez: bigarren kanpalekuan dagoela aurreratzen dit, eta ez duela bertan utzitako depositoa topatzen, bi ordu daramatzala palaz elurra garbitzen. Une batez, badirudi dena galtzera goazela, eta gorantza segitzeak merezi ote duen ere zalantzan jarri dugu. Azkenik, Denisen beste bi orduko lan gogorrari esker, depositoa agertu da. Orain bai, igotzea tokatzen da. Eguerdiko 14:30ean abiatu eta hiru ordu eta erdian iritsi gara lehen kanpalekura, 5700 metrotan. Gero eta azkarrago goazela nabari dugu, baina, hala ere, etapa gogorra da oso psikologikoki.

Alex Txikon at 7050mts, establishing C3
Hurrengo egunean (maiatzak 7) gorako bidean jarraitzen dugu bigarren kanpalekurantz (6600 metro), zama handia bizkar gainean hartuta. Gaurkoa ere lan gogorra baina esker onekoa, batez ere terrenoaren exijentzia mailagatik eta paisaiaren ederragatik. Baina, ordu gutxira, inoiz alturako kanpaleku batean eta denda barruan pasatu dudan goizik desatseginenetakoa helduko zen (maiatzak 8): Haizea zakar dabil, eta gaineko hegaletan pilatutako elurra altxatzen hasi da. Gure denda errimaiaren babespean dagoen arren, elurkadak gero eta handiagoak eta bortitzagoak dira. Txandaka, pala hartu eta garbitu beharrean gaude. Goizeko 06:00; aurrenekoa izatea tokatu zait, denda elur azpitik ateratzera. Beste behin, dena galtzeko zorian. Ez dut uste gu geu arriskuan gaudenik, baina materialik gabe geratzea oso albiste txarra litzateke. Elur palakada bat garbitu, eta beste hiru datoz gainera. Erabat nekagarria. Adam, Dmitri eta ni, txandaka, goizeko 06:00tatik 07:45ak arte, lehenengo eguzki izpiak hotzak eta nekeak gogortutako gure gorputzak berotzen hasten diren arte. Haizeak ere indarra galdu du.

Alex Txikon climbing at 7200 mts
Eta orain zer? Gaurko eguna giltzarria da, ipar lepora igo behar dugu. Denis eta Arteum aurreratu egin dira eta, zamaz arin, aurrekoan Denis eta biok hornitu gabe utzi genuena hornitu dute. Lau luze dira, zailak eta konprometituak. Berandu irten gara eta, beste behin, 80 kilometro/h haize zakarra bidelagun dugula heldu gara. Zailtasunekin baina denda ertzean montatzea lortu dugu, 7050 metrotan, paisaia miresgarria oparitzen digun leku ikusgarri batean: ekialdira India, eta mendebaldera Nepal. Zoragarria.

Bi gau egin ditugu hirugarren kanpaleku honetan (7050 metro) eta, azkenik, 7200eko kotara arte hornitzea lortu dugu. Ez da gure buruari markatutako helburu (7500), baina gure onena emateak dakarren lasaitasunarekin goaz beherantz. Hurrengoan, ziur aski, gailurrerako asmoekin itzuliko gara.
Adam Bielecki and Dmitri Sinev at 7050mts, c3
Kangchenjunga mendiaren iparraldeak eta hegoaldeak ez dute inolako antzik. Azken hau 2009urtean ezagutu nuen, baita 8500eko kota gainditu ere. Gaua eta eguna bezalakoak dira.

Bien bitartean, gaurkoa (maiatzak 12) egun berezia izan da behe kanpalekuan. Adamen urtebetetzea! 31 urte bete ditu gaur, etxetik hain urruti egonda, horrelako gauzek dimentsio handiagoa hartzen dute.
Atzo neguko espedizio batean egongo bagina bezala joan ginen lo zakuetara, sekulako
View from c3, 7050 mts. Makalu Lhotse, Everest.
eguraldi gogorragaz: elurra, haizea... Eta gaur goizean 10 bat zentimetroko elur geruzak estalita aurkitu dugu behe kanpalekua. Goizeko 8tan gosaldu eta, nola ez, Adam zoriondu dugu. Berak ez zuen espero, baina, halako ospakizunik prestatuko genuenik, ezta Ringi sukaldariak egindako pastela. Gainera, Arteumek patuko pare bat oparitu dizkio, berak josiak, material aislantea erabilita. Denisen liburua ere oparitu diogu, denek sinatuta. 'Happy Birthday' kantatu diogu, eta emozio handiko goiza izan da.

Egia esaten badizuet, uste du urduri samar gaudela denok, azken txanpa hau planifikatzeko eta gailurrerantza zein egunetan atera finkatzeko. Uste dut denok egon nahi dugula han goian, Kangchenjungak aukera ematen badigu behintzat. 

Happy birthday Adam! 31 years-old!
Albiste gehiago FACEBOOK eta TWITTER bidez.
Jarraipena ZUZENEAN.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina