2014/05/02

Bigarren kanpalekua finkatu dute 6.600 metrotan


Taldekideak jada itzuli dira, bigarren erasoaren ostean, kanpaleku nagusira. Bigarren kanpalekua 6.600 metrotan finkatu dute, eta 6.900 metrora arteko bidea hornitu dute.

Denis & Alex, 6.600m, C2.
Mendian pasatu dituzten bost egun hauetan bidearen zatirik teknikoena hornitu dute. Ipar lepora heldu baino 200 metro beherako, izotz bizi eta bertikaleko tarte oso gogorra topatu dute: “Oso gogor egin dugu lan, eta nekatuta bukatu dugu, baina oso pozik itzuli gara kanpaleku  nagusira, ia-ia aldez aurretik finkatutako plana konplitu dugulako. Ipar lepotik oso gutxira geratu gara, baina bidearen tarterik zailenak hornitu ditugu. Gainera, aklimatazioa nabaritzen hasi gara: bost ordutan jaitsi gara bigarren kanpalekutik behe kanpalekuraino”.

Baldintza meterologikoek gogortu dute lana mendian. “Nahikoa hotz pasatu dugu eta ia arratsaldero bota du elurra. Iparraldea izanik, eguzkiak goizeko hamarrak arte ez du jotzen, eta beraz, hotza espedizio osoan zehar izango dugu bidelagun”, dio.

Adam Bieleckik, Artem Braunek eta Dmitri Sinev-ek izualdia ere bizi izan dute. Atzo, bigarren kanpalekuan atseden hartzen ari zirela, elur-jausi txiki batek ustekabean harrapatu eta elurrak euren denda estali zuen. Hasierako izualdia gainditu eta denak ongi zeudela egiaztatu ondoren, kanpaleku nagusirantz abiatzea erabaki zute, nahiz eta gaua ondo-ondo sartua zenean iritsi. “Izualdiak baldintzatutako erabakia izan zen, baina ondo dago akatsik onartzen ez duen mendi honetan arreta ez galtzea”.
Pare bat egunez atseden hartu eta berriro mendira itzultzea da  asmoa, tontorreranzko behin betiko erasoa baino lehenago egingo duten azken igoera izango da. “Eguraldiak baimentzen badigu, astelehenean bidera itzuliko gara. Gutxi gora behera 7.500 metroko altuerara heltzea da idea, alturako azken kanpalekua bertan finkatzeko. Horren ondoren, bidean berriz sartzen garenean, gailurraren bila joateko izango da”, zehaztu du Alexek.

Albiste gehiago FACEBOOK eta TWITTER bidez.
Jarraitu nire pausoak ZUZENEAN.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina