2014/04/27

Lehen aklimatazio fasea amaituta

Espediziokideek lan erritmo frenetikoarekin jarraitzen dute. Lehen eraso honetan, britainiar bidean lehen kanpalekua (5.700 m) finkatu eta 6.100 metroko garaierara heldu dira, ipar muinora (7.000 m) daraman bidera.

Hiru eguneko atsedenaldiaren ostean, taldea gaur itzuli da mendira bost-bat egunerako. Helburua: 7.000 metroko altueran dagoen ipar muinora heltzea. Gaur Alex Txikon eta Denis Urubko abiatu dira: “Lehenengo kanpalekuan (5.700 m) egingo dugu lo eta bihar 6.100 metrotara igoko gara. Handik hormako lehen 200 metroak hornituko ditugu. Teknikoenak dira, haitzagatik eta ia bertikalean daudelako. Gero lotara lehen kanpalekura jaitsiko gara berriz. Adam-ek, Artem Braun-ek eta Dmitri Sinev-ek hartuko digute txanda bihar, bigarren kanpalekua ezarri ohi den tokira heltzeko bidea irekitzera joango dira, paretaren eskuma aldean serac txiki baten gainean dagoena”.

Alex Txikon. 5700m. C1.
Asteartetik aurrera, talde osoak egingo du lan 7.000 metrora arteko harresia hornitzeko. “Ipar muinora helduz gero, gure benetako bigarren kanpalekua bertan finkatuko dugu, eta ostegunerako edo ostiralerako itzuliko gara kanpaleku nagusira. Aurreikuspen meterologikoek errespetatzen bagaituzte eta plana jarraitzen badugu, merezitako atsedena irabaziko dugu”, dio Alexek.


Denis Urubko & Alex Txikon. 5700 m. C1.
 Alpinista bizkaitarrak, hala ere, badu beste kezka bat. Ostiralean oraindik bidean ziren zamalariak heldu ziren kanpaleku nagusira, espediziorako material gehienarekin. Baina, errepasoa egin ostean, Alexek atsekabez egiaztatu zuen bere materiala falta zela: “Zamalariak, Himalaiako alde honetan, ez dira Khunbu ibarrean bezain profesionalak. Batzuekin koordinazio arazoak izan ditugu eta kanpaleku nagusira heldu direnean esan digute falta diren kargetako batzuk Sinwa-tik (trekking-aren hasiera) atera ere ez direla egin. Espero dut astebetean dena hemen izatea”, dio kezkatuta."Bien bitartean, kideek utzitako materiala erabiltzen jarraitu beharko dut".

Albiste gehiago FACEBOOK eta TWITTER bidez.
Jarraitu nire pausoak ZUZENEAN.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina