2014/04/08

Gogoa Kangchenjungan

Alex Txikon Kangchenjungarantz abiatuko da bihar, Denis Urubko kazajistandarrarekin eta Adam Bielecki poloniarrarekin batera munduko hirugarren mendirik garaienaren (8556m) ipar-mendebaldeko hormatzarrean bide berri bat zabaltzeko asmoz. Artem Braun eta Dmitri Sinev errusiarren laguntza ere izango dute aklimatazioarako, bide arruntetik.

Nazioarte mailako alpinismoko figura indartsuenetako bi izango ditu sokalagun Alexek (Denis Urubko eta Adam Bielecki) eta,  mendiarekiko konpromisoari leial, hiru eskalatzaileak ibilbidea alpino moduan irekitzen saiatuko dira oxigeno artizifizialik eta sherpen laguntzarik gabe. Alpino moduaren arauek aldez aurretik bidean sartzea eta esploratzea debekatzen dutenez, aklimatazioa ipar-mendebalde alde bereko britaniar bidean zehar egingo dute, eta tontorrera heldu ondoren bertatik jaitsiko dira. Horretarako, Artem Braun eta Dmitri Sinev eskalatzaile errusiarren laguntza izango dute.

Gaur Bilboko Indautxuko La Caixa-n egindako aurkezpenean, Alex Txikonek onartu du erronkari errespetu handia diola ibilbide berriaren exijentzia fisiko zein teknikoa dela eta batetik, eta baita aurre egingo dioten moduagatik ere. Horma osoa aldi batean igo behar dute, behar duten guztia gainean eramanez. “Guztira bakoitzak sorbalda gainean 10 edo 12 kilo inguru eramango ditugula kalkulatzen dut”.


Albiste gehiago FACEBOOK eta TWITTER bitartez.
Jarraitu nire pausoak ZUZENEAN.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina